XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehen kristauen sarkofagoa, Bibliako eskenaz apaindua.

PALEOKRISTAU ARTEA Lehen urteetako kristautasunak kreatu zuen arteari eman ohi zaio izen hori.

Mezu erlijioso bat zion ekarri Kristautasunak munduari, Artearekin ze ikusirik ez zuena, pixkana pixkana itzaltzen zihoan zibilizazio haren baitan aurkitu zituen gauza eder eta nobleak arreta handienaz jakin zuen bereganatzen, eta mundu guztiari argi egingo zion egunsenti berri baten argitasuna eman zion izpiritualitate sakonaz.

Egiazko erlijioa erakutsi zigun kristianismoak, baina Grezia-ko eta Erroma-ko kultura zaharrak ere gorde dizkigu, gure zibilizazio moderno honen funtsa eta oinarri bilakatu direlarik.

Kristianismoaren hastapenak xume eta apalak izan ziren.

Fundatzailea, Jesukristo, xumetasuna, apaltasuna, pobrezia eta urkoarekiko maitasunean oinarritzen den Erresuma bat aldarrikatu zuelako, eta ez garaipena, menderakuntza, ahalmen eta ospea helburu duen Erresuma bat, heriotzara galdua izan zen.

Kristok aukeratu zituen ikasleak ere Galilea-ko jende xume artean bizi ziren.

Erroman, Kristianismoa etorkin jaio berri bat besterik ez zenean hiri erraldoi eta ezezagun hartan, ezkutuan bizi izan behar zuen bere jende xume eta babesgabe haien aurka askatu zen persekuzio edo jazarpenetik ihes egiteko.

Denboraz ordea, lehen kristau haien iraupen jasankortasunak erromatar gizurenen arreta irabazi zuen, eta haien alde jarri ziren; laguntzaile hauen artean Tertuliano, San Justino, San Ireneno eta Origenes aitatuko ditugu, kristau bihurtu zirenak eta ondoren beren iskribuz irakaspen berriak zabaldu zituztenak.

Inperioan zehar zabaltzen hasi zen arian arian; eta azkenik, enperadore berak ikusi zuen alferreko zela haren aurka borroka egitea eta erlijio berri hura kontutan hartu beharreko zela Inperioa zeharo suntsitua ikusi nahi ez bazuen.

Konstantino enperadoreak zabaldu zuen Inperio guztian 313an Milan-go Edikto ezagunaren bidez askatasun osoa Kristianismoarentzat, eta katakunbetako ezkutuko bizitzatik atera eta bere gisa iharduteko askatasun osoa eman zion.

Kristau arte primitiboa. Kristau artea katakunbetan jaio zen.

Kristori jarraitu zitzaizkion lehen artistek lurpeko galeria haietan pintatu zituzten Jesus-en, Birjinaren eta Ebanjelio-ko pasarteak.

Baina, kristau artea Milan-go Edikto-az gero agertzen da bere distira handienean.